Antes roja que rota…
78ko erregimena
Santiago Carrillo Espainiako kamisetarekin.
José Calvo Sotelo eskuindarrak, 1935eko abenduaren 5ean II. Errepublikako sesio parlamentario batean zera esan zuen: “Antes roja que rota”. Metafora gisa iltzatu zen Euskal Herriko imajinarioan, espainiar nazionalismo inperialaren zeharkako maxima bezala. Hain zuzen, metafora horrek ezker eskuin funtzionatzen zuen. Trantsizioak erakutsi zuen erregimen berriak ezkerreko alderdiak behar zituela eliteen arteko paktua sendotzeko. 1974an, PSOEk Suresnesen erbestean kongresua egin zuen, nazio iberikoen autodeterminazio eskubidea onartuz; laster abandonatu zuen printzipio hori, 78ko erregimenaren oinarriak onartuz. 1977an, Santiago Carrillok bandera errepublikarraren ondoan espainiar erregimenaren sinbolo baztertzaile nagusia onartu zuen, apurketa demokratikoa alboratu, eta apurketa hitzartua hobetsiz. “Demokrazian” beren pastel zatia izateko prezioa ordaindu zuten, PSOE erregimen berriaren zutabe bilakatuz: bipartidismoa ezarri zen jokaleku, eta oligarkia berria boteregune guztietan txertatu zen. Sindikatu nagusiek ere pax soziala bideratu zuten, trantsizioaren bermegileen artean kokatuz. Konstituzio espainiarrak batasun nazional dogmatikoa legez idatzia utzi zuen; Falangeren “España es una unidad de destino en lo universal” printzipioa da, funtsean, legez eta indarrez ezarrita geratu zena.