1975 Dena jokoan zegoen urtea…
1975-01-20 Victor Manuel Perez Elexpe sestaoarra uniforme gabeko Guardia Zibil batek tiroz hil zuen, Portugaleteko kaleetan.
1975-03-29 ETApm-k José Díaz Linares Frankoren polizia sekretua zen Brigada politiko-sozialeko subinspektorea hil zuen.
1975-03-30 Aberri Eguna ospatu zen. Alderdi abertzaleez gain, beste hainbat alderdi (estatu mailakoak, tartean) atxiki ziren deialdira.
1975-04-07 Lehen atentatua izan zen Ipar Euskal Herrian. Estatu espainiarreko aparatuek egindako lehen operazio armatutzat jotzen da. Aurrerago, ATE (Anti Terrorismo ETA) gisa definituko zuen espainiar kontra-inteligentziak. ATEk bonba eta metraileta bidez egindako ekintza guztiak aldarrikatu zituen.
1975-04-25 Francisco Franco diktadoreak Bizkaian eta Gipuzkoan azken salbuespen egoera dekretatu zuen. Bezperan, Donostian poliziarekin izandako tiroketa batean Mikel Gardoki hil zuten. Hurrengo hilabeteetan milaka pertsona atxilotu zituzten, razzia errepresibo basatiarekin. Salbuespen egoera deklaratu zen egun berean, Burgosko Kapitaintzako fiskal militarrak ETAko militante Jose Antonio Garmendia Tupa eta Angel Otaegiren aurkako heriotza zigor eskaerak bideratu zituen.
1974-05-01 LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) publikoki aurkeztu zen. Sindikatu zabala eta errepresentatiboa izateko bokazioz sortu zen 1974 amaieran. Nazio gisa ere zapaldutako herri bateko masa erakunde gisa definitu zuen bere burua: erakunde nazionala eta klase erakundea.
1975-05-15 Guardia Zibilak Gernikako etxe bat asaltatu, eta Blanca Salegi eta Iñaki Garai jabeak hil zituen. Handik gutxira, ihes egitea lortu zuen ETAko militanteetako bat akabatu zuten: Josu Markiegi Motriko-k berrogei bala tiro baino gehiago jaso zituen.
1975-05-28 Zentsura informatiboa ezarri zuten salbuespen egoeran.
1975-06-06 Gerra zikina gogortu egin zen. Atentatu saiakera batean, bi mertzenario hil ziren, Jose Antonio Urrutikoetxea eta Mikel Mugiro errefuxiatuen etxean bonba bat ezartzen ari zirela.
1975-06-11 Tupa eta Otaegiren heriotza zigor eskaera salatzeko borroka eguna izan zen. Greba orokorra eta mobilizazioak deitu ziren Euskal Herri osoan. Horrez gain, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Tolosa (Frantzia), Marseilla, Bordele eta Parisen 5.000 lagun baino gehiago elkartu ziren.
1975-06-21 Nazioarteko Gurutze Gorriak Garmendiaren aurkako sumarioaren artxiboa eskatu zuen.
1975-06-30 Mikel Lejarza Lobo SECEDeko agente infiltratua ETA pm- ko arduretan egon ondoren, ehun militante eta kolaboratzaile baino gehiago atxilotu eta hil zituzten
1975eko udan.
1975-07-26 Hiru hilabeteko salbuespen egoera kendu zen Bizkaian eta Gipuzkoan.
1975-08-01 KAS sortu zen, heriotza zigorren aurka mobilizatzeko. Indar independentista eta sozialista guztien indarrak batzeko funtzioa izan zuen. LAIA, EAS eta HAS (ondoren EHAS), LAB, LAK eta ELI, ETA (m) eta ETA (pm) ados jarri ziren KASen jaiotzaren berri publikoki emateko. Urtebete geroago, Hego Euskal Herrirako alternatiba taktikoa aurkeztu zuen.
1975-08-26 Lege Antiterrorista Frankista onartu zuten, legedia antiterroristaren aitzindari izango zena. Lege dekretu horrekin epailearen aurretik igaro arteko atxiloaldi epe legala bost egunera arte luzatu zuten.
1975-08-29 Garmendia eta Otaegiren aurkako gerra kontseilua egin zen Burgosen. Errudun jo zituzten, eta 30ean sententzia publiko egin zen. Heriotza zigorrera kondenatu zituzten, terrorismoagatik.
1975-09-27 Olof Palme Suediako lehen ministroaren, Luis Echeverria Mexikoko presidentearen eta Pablo VI Aita Santuaren beraren erruki eskaerei ezikusia egin ostean, Ministro kontseiluak Txiki eta Otaegiren heriotza zigorrak berretsi zituen, Garmendiarena bizi osoko zigorrera aldatuz.
1975-10-06 Atentatu parapolizialek hildako lehen biktima: Iñaki Etxabe hil zuten, metrailatua, Kanpazarren (Arrasate).
1975-10-25 Enbaxadore estatubatuarra Felipe Gonzalezekin biltzen hasi zen. Desklasifikatuta dauden txostenetatik, gaur badakigu PSOE ordurako prest zela Juan Carlosi aukera bat emateko.
1975-11-20 Francisco Franco 83 urte betetzear zela hil zen.
1975-11-22 Juan Carlos Borboikoa estatuburu izendatu zuten Gorte frankistek.
1975-11-24 ETAk Antonio Etxeberria Albisu Oiartzungo alkatea hil zuen tiroz, Franco hil osteko lehen ekintza eginez. Hilketa osteko egunean ETAk komunikatua zabaldu zuen, alkate frankisten dimisioa eskatuz.
1975-12-02 Monarkia metodo zaharrekin estreinatu zen, Guardia Zibilek tiroz Koldo Lopez de Gereñu hil zutelarik.
1975-12-11 Lehen gobernu monarkikoa ezarri zen, Carlos Arias Navarro presidente karguan izendatuz. Juan Carlos Borboikoak erregimenaren jarraipena bermatzen zuen gobernua izendatu zuen.
1975-12-25 Amnistiaren aldeko manifestazio masiboak egon ziren Iruñean, Bilbon eta Euskal Herriko beste hainbat herrietan.