Espainiaren batasuna eta lurralde zatiketa

Espainiar konstituzioa

Espainiar konstituzioa 1978ko abenduaren 6an onartu zuten. Horrela, frankismoak bultzatutako printzipio eta proiektu politikoaren zutabeak konstituzioaren oinarrietan geratu ziren inprimatuta. 1978ko konstituzioak Hego Euskal Herrian %51eko abstentzioa izan zuen, eta hirutik batek baino ez zion baiezkoa eman. Estatu afera izan zen orduan, berriro ere, Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko banaketa instituzionala, eta errepresioa zein kooptazio estrategiak baliatu zituzten autonomia marko komunik ez bideratzeko. Nafarroa Garaia eta beste herrialdeak faktikoki bereizi zituzten, inolako herri kontsulta edo parte hartzerik gabe, frankismoaren kontrako borrokak lortutako indar zentripetua gainditu nahian. 1979an, hiru herrialdeentzako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) Gernikako Estatutua onartu zuten. Nafarroa Garaiari dagokionez, Martin Villa gobernazio ministroak errege dekretua agindu zuen, zeinaren bidez 1841eko erregimena bukatu, eta 1982ko Foru Hobekuntzarako oinarriak jartzen baitziren. Horri negoziazioaren itxura emateko egindako saioetan alderdi eta ordezkari abertzaleak baztertu zituzten: Foru Hobekuntza ez zen inoiz erreferendumean berretsi. Espainiar konstituzioaren baitan autonomia estatutuak garatu ziren, café para todos logikapean. Hasieran, Hego Euskal Herriarentzat estatutu bakarra garatuko zen arren, azkenean lurralde zatiketari bide eman zitzaion. Horrekin batera, Nafarroa Garaia izan zen estatu osoan bere autonomia estatutua bozkatu ez zuen bakarra. Lurralde zatiketa Espainiaren batasuna bermatzeko estrategia politiko bat izan zen. Euskal Herriak ez zuen konstituzioa babestu, EAJren abstentzioa eta KASen ezezkoa funtsezkoak izanik.