Euskal
udaberria
Lehen hazi berdeak Euskal Herrian
Jorge Oteiza eskultorea hamalau apostoluak eta pietatea kokatzeko lanetan, Arantzazuko Santutegian, 1968an. Argazkia: Plazaola. Oteiza Museoa / Wikimedia commons.
Gerraostetik 50eko hamarkada erdialdera arte ez zen euskal kulturan eta politikagintzan argi printzarik ikusi. Orduan izan zen pizkunde kultural-politikoa, Euskal Herrian ez ezik, baita mundu zabalean ere: 1959an Kubako Iraultza, Frantziako Estatuaren koloniak desegiten zihoazen, 60ko hamarkadan Aljeria eta Tunisiak independentzia eskuratu zuten, 68ko Maiatzeko emantzipazio saiakera gertatu zen, Pragako Iraultza eta Mexikoko ikasle erreboltak… Testuinguru horretan sortu zen Euskadi Ta Askatasuna
erakundea 1958an (geroago Txiki eta Otaegik militatuko zuten erakundea).
Euskal matxinada ez zen salbuespen bat, beraz. Udaberri horren baitan loratu ziren egun ezagutzen ditugun instituzio, egitasmo eta hizkuntza irizpideak. Iraultza kultural eta linguistiko horretan kokatu behar ditugu euskara batuaren sorrera, ikastolak, euskal kantagintza berria (Ez Dok Amairu), artistak (Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeak), literatura eta saiakera (Txillardegi, Saizarbitoria eta abar), Euskaltzaindia, Jakin, Zeruko Argia…
Frankismoaren azken fasean kokatzen gara, beraz. Tartean, Eusko Jaurlaritzak erbestean jarraitzen zuen, AEBen babesa lortu nahian, frankismoaren aurka egingo zutelakoan. Alderantziz, ordea: AEBek frankismoa babesten bukatu zuten SESBen kontrako borroka lehenetsiz, Gerra Hotzaren logikaren
testuinguruan.