Korapiloa askatu
beharra
Hausnarketa, 50 urtera
Bost hamarkada ondoren, trantsizioa aukera galdu bat izan zen. Espainiar estatuak krisi estruktural iraunkorra bizi du. Izan ere, Espainiako erreforma politikoa bere sustatzailearen, erregimen frankistaren, irudi eta neurrira egin zen. Berdinen arteko hitzarmena beharrean, eta Estatu frankistarekiko hausturaz haraindi, aldaketa irudikatzea behar zuen elite politiko eta ekonomikoen neurrirako aggiornamento moduko bat izan zen. Erreforma demokratiko bidezko estatu frankistaren irekiera bat, nolabait. Frankismoarekiko egiazko haustura beharrean, egindakoak eragin nabarmena izan du azken hamarkadetan: boterea mantentzea elite frankista eta kontserbadoreen aldetik; kalitate baxuko demokrazia; Ongizate Estatuaren azpigarapena; Estatuaren nazio aniztasuna ukatzea; politikaren ulermena alderdien eliteen zeregin gisa eta abar. Trantsiziotik atera zen egitura politiko berria Espainiaren batasunean eta oligarkiaren interesetan oinarritu ziren, 78ko erregimena gisa ezagutzen dugun antolaketa eredua martxan jarriz. Euskal Herriaren ikuspegitik, herri gisa dagozkigun eskubideek (nazio aitortza, erabakitze eskubidea…) ukaturik jarraitzen dute. Hurrengo hamarkadatan estatutuak garatu arren, dugun burujabetza mugatua da. Lurralde zatiketak jarraitzen du gaur egun.
Beraz, 50 urte geroago, Euskal Herrian zentrala izaten jarraitzen du gure burujabetzaren aldeko, Euskal Herria subjektu gisa aitortzearen aldeko, eta erabakitze eskubidearen aldeko borrokak. Euskal Herriaren eskubideak aitortzea frankismoaren haustura ekarriko lukeen prozesu baterako abiapuntua izan daiteke. Gure herriak, espainiar estatuko sektore eta eragile demokrata eta antifaxista askok bezala, haustura nahiago zuen; aukera hori ez zen utopia bat, indarrez zapuztu zuten aukera historiko bat baizik. 50 urte iragan ondotik, ez gaude orduko egoeran, baina hutsune demokratikoak ez dira gainditu: espainiar estatuan nazio aniztasuna ez da onartzen, ekonomia eta eredu sozialari buruzko erabakiak ez dira demokratikoki hartzen, ideiak estigmatizatzen eta erreprimitzen dira, eta inoiz ez da faxismoarekiko eten sendorik egin.
Lotuta utzi nahi izan zuten dena; baina Euskal Herria ez dago lotuta, bizirik, borrokan eta abian baizik. Franco hil zen, Euskal Herria, berriz, ez!