Provincias
traidoras

Frankismoa Euskal Herrian

Maravillas Lamberto

Agirre Lehendakaria

36ko gerraren ondoren, “provincias traidoras” izendatu zituzten Bizkaia eta Gipuzkoa, II. Errepublikaren alde leial mantentzeagatik. 1937ko ekainaren 23an, Francok bi lurraldeetako kontzertu ekonomikoak derogatu zituen, tropa faxistek Bilbo hartu eta lau egunera. Zerga bilketaz gain, errepideen eta eskolen zerbitzuen kudeaketa ere galdu zen. 1936an, aldundietan 1.000 langile inguru ari ziren lanean, eta 1939an, 350 ingurura jaitsi zen, depurazio prozesu baten ondorioz. Portzentajean, Euskal Herrian erregimen frankistak egindako erailketa kopurua Hegoafrikan, Argentinan, Bolivian edo Txilen herritarren aurka egindakoa baino handiagoa izan zen. Nafarroa Garaian bereziki, populazio osoaren % 1,13 hil baitzuen, fusilatuta edo desagerrarazita. Sartaguda, esaterako, “alargunen herria” deitzen dute, bertan gizonen % 15 baino gehiago hil zutelako. Ondoko herri txiki batean, Larragan, behin eta berriz bortxatu ondoren, Maravillas Lamberto erail zuten falangistek, bere aita Vicente Lamberto militante sozialistarekin batera. Haren gorpua biluzik txakurrei eman zieten. Espainiar estatuaren basakeriaren aurpegi ankerrenetako baten adibidetzat oroitzen da. 1936an osatutako Eusko gudarosteak 1936ko abuztutik 1937ko uztailera arte Iparraldeko frontean Francok zuzendutako tropen aurka borrokatu zuen. Tropa frankistek Hego Euskal Herria okupatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako buruzagi batzuek Bartzelonara ihes egin zuten, Lluis Companys presidentearen lankidetzarekin gobernu moduko bat osatuz. 1939 hasieran, Bartzelona erori, eta errepublikarren porrotaren ondoren, Agirre lehendakaria erbestera joan zen, eta gobernua berarekin batera.