Todo ha quedado
atado y bien atado
78ko erregimena
Erregimena gainditzeko aukera historikoa egon zen arren (presio asko zituelako), erregimenak estatuaren kontrolari eutsi zion momentu orotan. Hain zuzen, 1945etik atzeratzen ari ziren demokratizazio prozesu batean sartua zen Espainiako estatua; sistema autoritario batetik, Europan homologatua izango zen zuzenbide estatu formal batera. Horretarako, AEBen eta Europako Ekonomia Erkidegoaren babesa izan zuen. Eta erregimen berriak ezkerreko alderdiak ere behar zituen, eliteen arteko paktua sendotzeko. Demokrazia formal berriarekin, Europak homologazioa eman zion Espainiako Estatuari, nahiz eta erregimenaren zutabeek bere horretan jarraitu. Amnistiaren legeak frankismoaren krimenen arduradunak errugabetu zituen, eta konstituzio berriak Espainiaren batasun sakrosantu dogmatikoa legez utzi zuen idatzita. Komunikabide, politikari, oligarkia ekonomiko, armada eta egitura judizialak, frankista izatetik demokrata izatera igaro ziren goizetik gauera: Tribunal de Orden Públicoren ordez, Auzitegi Nazionala; Francoren ordez, Juan Carlos I erregea; El Correo Español falangeren egunkariaren ordez, El Correo Español demokrata. Indar armatuek berdin jarraitu zuten. Erregimen frankistako buru asko “Espainia berri” horretako buruak bilakatu ziren, Fraga eta Martin Villa kasu. “Todo ha quedado atado y bien atado”, Francisco Francok 1969an iragarri bezala. Hautsok ekarriko dituzte lohiak. Hausturaren aldeko presioa ez zen soilik Euskal Herrian egin, baina hemen izandako indarra ez zuen beste inon lortu, batez ere, lehen urteak igarota. Horregatik, matxinada itzaltzea erreformaren zeregin nagusia bilakatu zen. Nolabait esateko, trantsizioak, frankismoaren kontra egin beharrean, euskal matxinadaren kontra egin zuen. Izan ere, euskal nazio askapen mugimendua bilakatu zuen barne kohesiorako etsai nagusia.