Tupa, Otaegi, Txiki

Jose Antonio Garmendia Tupa
(Abaltzisketa, Gipuzkoa, 1951)

Jose Antonio Garmendia militante antifrankista bat da. 1973an klandestinitatera igaro zen, eta 1974ko abuztuaren 28an, Gipuzkoan egiten ziren kontroletako batean, Donostiako irteeran, Jose Mari Arruabarrena “Tanke”rekin batera geratu zuen Guardia Zibilak. Haien armak kotxean utzita atera ondoren, tirokatu egin zituzten, biak larriki zaurituz. Garmendiak burua zeharkatu zion bala- zauria jaso zuen. Denboraldi bat koman egon ondoren, bizitza guztirako ondorioak utzi zizkion burmuineko lesioak. Ospitalizatua eta inkomunikatua zegoela, polizia eta epaile militarrek bere aztarna digitala jaso, eta Gregorio Posadas guardia zibilaren hilketaren errudun egin zuten. Garmendiaren inkomunikazioak denbora luzez jarraitu zuen, ordea. Moja batek izan zuen soilik berarekin kontaktua. Bere egoera mentala probestuz, konfesioak eginarazi zizkion, bere “errua” ordaintzeko modu bezala. Manipulazio hark Azpeitiko bikote baten atxiloketa ekarri zuen, besteak beste. 1975ean heriotza zigorrera kondenatu zuten, Otaegirekin batera. Heriotza zigorra kommutatu zioten, bere egoera lazgarria zela eta. 1977an Xabier Izko de la Iglesiarekin batera askatu zuten, Adolfo Suarezen gobernuaren aginduz.

Angel Otaegi Etxeberria
(Nuarbe, Azpeitia, Gipuzkoa, 1942 – Burgos, 1975)

Angel Otaegi etxe zahar batean jaio zen, Nuarbeko plaza eta erreka ondoan. Osaba eta aitona-amonekin bizi izan zen, lanean hasi zen arte. Zestoako Eskola Kristauetan ikasi zuen, eta ondoren, Azpeitiko Institutuan. 15 urterekin Zumarragan hasi zen lanean, eta laster itzuli zen Azpeitira. Kirolaria eta kirolzale amorratua izan zen. Bere etxea Azpeitian topatu zuen, eta aurrerago, militantzia kideek “Azpeitia” ezizena jarri zioten. Mutilzahar eta parrandazale gisa definitu zuten lagunek. ETAn militatzen hasi zen, Euskal Herriaren nazio auziarekin konprometitua. 1974an atxilotu zuen espainiar poliziak, guardia zibil baten hilketan parte hartzea egotzita. Martutenen egon zen preso, Burgosko kartzelara eraman arte. 1975eko irailean guda-kontseiluan epaitu zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Espainiar estatuan zein nazioartean protesta handiak izan arren, Otaegi, Txiki eta FRAP erakunde armatuko hiru kideak fusilatu egin zituzten.

Juan Paredes Manot Txiki
(Zalamea de la Serena, Badajoz, 1954 – Cerdanyola, Bartzelona, 1975)

Extremadurako familia batean jaio zen; eta beste familia asko bezala, Euskal Herrira (Zarautz) emigratzera behartuta ikusi ziren, Txikik 10 urte inguru zituela. Zarautzen sustraiak bota zituen. Testuinguru oso ezberdin batean, hizkuntza ezberdin bat egoteak herri ezberdin batean zegoela ohartarazi zion, bere hitzetan. 14 urterekin bukatu zen bere haurtzaroa, familiaren egoera prekarioak lan egitera behartu baitzuen. 1970ean, euskal auziaz lehen formakuntzak jasotzen hasi zen. 1972an, EGIn sartu zen, eta hortik ETAra igaro. Euskal nazio auziarekiko kontzientzia argi bat hartzen joan zen, beraz. 1974an, klandestinitatera bizitzera joan zen, frankismoaren aurka ari zelarik. Urte berean, euskalduntzeari ekin zion. Urte bat geroago, Jose Días Linares polizia hiltzea leporatu zioten, argi gelditu ez arren, eta urte berean atxilotu zuten. 5 egunez egon zen komisarian torturak jasaten; bere emigrante izaeragatik bortitzagoak izango ziren. Bosgarren egunean Modelo kartzelan sartu zuten, eta gose grebari ekin zion, Garmendia eta Otaegiri ezarritako kondenengatik protestan. Greba betean, bere kontrako epaia abiatu zen, eta irailaren 19an gerra kontseilua egin zioten, Ovidio Díaz Lopez polizia hiltzeagatik erruduntzat joz. Heriotza zigorra ezarri zioten (abokatuak 2 ordu izan zituen bere defentsa prestatzeko), eta Otaegi eta FRAPeko hiru kiderekin batera egun berean fusilatu zuten Cerdanyolan.